'Ekarri Lagun Bat' Programaren Oinarriak
ABANCA Corporación Bancaria, S.A. erakundeak, helbidea Betanzosen (A Coruña), C/ Cantón Claudino Pita zk. 2, 15300, eta IFK A-70302039 duena (aurrerantzean, ABANCA), honako programa hau antolatzen du, “Ekarri Lagun Bat” izenekoa, eta honako oinarri legal hauek arautuko dute (aurrerantzean, “Oinarri Legalak”).
Zertan datza “Ekarri lagun bat” Programa?
“Ekarri Lagun Bat” Programa ABANCAko bezeroei zuzendutako sustapen bat da, bezero horiek beren senideei eta lagunei Cuenta Clara edo beste kontu paketizatu bat kontratatzea eta bertan beren nomina, pentsioa edo autonomoen kuota helbideratzea gomenda diezaieten. Bezero horiei hemendik aurrera “preskriptoreak” deituko zaie edo, singularrean, “preskriptorea”.
Kontu paketizatutzat jotzen da bezeroak zerbitzu pakete berean kontu korronte bat eta hari lotutako beste produktu batzuk kontratatzen dituena (adib., zordunketa-txartela, kreditu-txartela, banka mugikorra eta aseguruen tarifa laua).
“Ekarri lagun bat” Programa Espainiako lurraldean baino ez da baliozkoa.
Zer onura lortzen du preskriptoreak?
Preskriptoreak 50 euro garbi jasoko ditu (indarrean dagoen zerga-atxikipena aplikatu ondoren) bere ABANCA kontuan, egindako Cuenta Clara edo kontu paketizatu baten preskripzio eraginkor bakoitzeko. Preskriptoreak gehienez 10 Cuenta Clara preskribatu ahal izango ditu; beraz, sustapena amaitu arte egindako preskripzio eraginkorrengatik lor dezakeen gehieneko onura 500 eurokoa izango da.
Preskripzioa eraginkorra izango da ABANCAk egiaztatzen duenean preskriptoreak Cuenta Clara edo kontu paketizatua gomendatu dion pertsonak (senidea edo laguna) honako baldintza hauek betetzen dituela:
- ABANCAko bezero berria izatea, eta lehen aldiz Cuenta Clara edo kontu paketizatu bat kontratatu izana abanca.com webgunearen bidez edo ABANCAren bulego batean {{{fechamgm}}} baino lehen, bere preskriptorearen sustapen-kodea sartuta edo adierazita. Bezero berritzat joko dira Cuenta Clara edo kontu paketizatua kontratatu aurreko hilean ABANCAren bezeroen datu-basean ez dauden pertsona fisikoak edo, bertan egonda ere, ABANCArekin inolako kontraturen titular gisa agertzen ez direnak.
- Bezeroak gutxienez 800 €-ko nomina edo pentsioa edo gutxienez 50 €-ko autonomoen kuota helbideratu izana Cuenta Clara edo kontu paketizatu horretan, kontua ireki zenetik gehienez 4 hilabeteko epean. Nomina, pentsio edo autonomoen kuota hori berria izan beharko da ABANCAn; hau da, Cuenta Clara edo kontu paketizatua kontratatzeko unea baino aurreko 12 hilabeteetan erakunde horretan helbideratuta egon ez dena.
Ez dira kontuan hartuko Programa itxi ondoren egindako preskripzioak, hau da, {{{fechamgm}}} ondoren egindakoak.
Pizgarri hori preskriptorearen kontuan ordainduko da preskripzio eraginkorra egiaztatzen den hilaren hurrengo hileko lehen 10 egunetan (hau da, hitzartutako baldintzetan nominaren edo pentsioaren lehen ordainketa edo autonomoen kuotaren lehen zordunketa agertzen den unean), “Ekarri lagun bat hobaria” kontzeptuarekin.
Aurrekoa gorabehera, Oinarri Legal hauetan araututako onurarako eskubiderik ez dute izango, inola ere:
Aipatutako onurarako eskubidea sortzen den unean ABANCArekin ez-ordaintze egoera(k), berankortasuna edo ABANCAren iritziz beste edozein egoera irregular duten preskriptoreek;
ABANCAren iritziz, Programa honen aplikazio-eremuan iruzurrezko jardueraren bat egiten duten preskriptoreek.
Zer onura lortzen du Cuenta Clara edo kontu paketizatua kontratatu eta bertan bere nomina, pentsioa edo autonomoen kuota preskriptorearen gomendioz helbideratu duen bezero berriak?
Bezero berriak pizgarri bat jasoko du kontratatu duen nomina, pentsio edo autonomoen kuotaren kanpainaren eta helbideratzen duen nominaren, pentsioaren edo autonomoen kuotaren zenbatekoaren arabera. 500 € gordin edo 370 € gordin jasotzeko aukera izango du kontratatutako kanpainaren arabera, baldin eta nominak edo pentsioak gutxienez 1200 € baditu edo autonomoen kuotak gutxienez 50 €; edo 185 € gordin jasoko ditu nominak edo pentsioak gutxienez 800 € eta 1200 € baino gutxiago baditu. Pizgarri hori jaso ahal izateko, bezero berriak 24 hilabetez ABANCAn iraungo duela sinatu beharko du.
Sustapen hau Espainiako lurraldeko edozein bezero berriri zuzenduta dago.
Nolanahi ere, ABANCAk beretzat gordetzen du preskriptoreak aurkeztutako bezero potentzialak onartu edo ez onartzeko eskubidea, bere merkataritza- eta arrisku-politikaren arabera.
Nor izan daiteke preskriptore?
ABANCAren aldetik email bidez, SMS bidez edo Banca Móvil bidez preskriptore-zenbaki edo -kode bat jaso duen ABANCAko bezero oro. (argibide gisa eta datuen babesari buruzko araudia betez, ABANCAk ez ditu preskriptore potentzialen artean sartuko ABANCAren produktu eta zerbitzuen publizitatea jasotzeari uko egin dioten bezeroak). Preskriptoreak zenbaki edo kode hori bere senideei eta/edo lagunei banatzea Oinarri Legal hauen onarpen espresu eta zalantzarik gabekotzat joko da, eta, beraz, baita “Ekarri lagun bat” Programan parte hartzearen onarpen gisa ere.
Berariaz baztertuta geratzen dira preskriptore gisa ABANCAko edo ABANCA Taldeko gainerako enpresetako langileak, bai eta langile horien senideak ere. Kanpainatik kanpo geratzen dira, halaber, ez-ordaintze egoeran, berankortasunean edo Kapitalak Zuritzearen Prebentzioagatik blokeatuta dauden bezeroak.
Zenbat irauten du “Ekarri Lagun Bat” Programak?
2025eko maiatzaren 1etik {{{fechamgm}}} arte.
Zein da preskriptore-zenbakia edo -kodea?
Preskriptore-zenbakia edo -kodea ABANCAk email bidez, SMS bidez edo Banca Móvil bidez emandakoa izango da. Bezero preskriptorea hark gomendatutako bezero berriarekin lotu ahal izateko, beharrezkoa izango da bezero berri horrek: edo abanca.com webgunearen bidez Cuenta Clara edo kontu paketizatua kontratatzeko prozesuan preskriptoreari dagokion zenbakia edo kodea horretarako ezarritako laukian sartzea; edo, Cuenta Clara edo kontu paketizatua bulego batean kontratatzen badu, kontratazioaren unean merkataritza-kudeatzaileari preskriptore-zenbakia edo -kodea adieraztea.
Preskriptoreak preskriptore-zenbaki edo -kode hori bere senideei eta/edo lagunei banatzea Oinarri Legal hauen onarpen espresu eta zalantzarik gabekotzat joko da, eta, beraz, baita ABANCAren “Ekarri lagun bat” Programan parte hartzearen onarpen gisa ere.
ABANCAren “Ekarri lagun bat” Programaren baldintza orokorrak
Programan parte hartzea: ABANCAren “Ekarri lagun bat” Programan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da ABANCAn kontu baten titular izatea eta ABANCAren aldetik email, SMS eta/edo Banca Móvil bidez preskriptore-zenbaki edo -kode bat jaso izana. Sustapen komertziala denez, ABANCAk, datuen babesari buruzko araudia betez, ez die preskripzio-zenbakia edo -kodea bidaliko ABANCAren produktu eta zerbitzuen publizitatea jasotzeari uko egin dioten bezeroei.
Erabilera-arauak: preskriptoreak Programan fede onez parte hartzeko konpromisoa hartzen du, Oinarri Legal hauek errespetatuz eta bere aldetik horiek ez betetzeagatik sor litekeen edozein erantzukizun bere gain hartuz.
Erantzukizuna:
- Preskriptoreak bere preskriptore-zenbakia edo -kodea soil-soilik Cuenta Clara edo kontu paketizatua kontratatzea eta bertan beren nomina, pentsioa edo autonomoen kuota helbideratzea gomendatu dien senideei eta/edo lagunei emateko konpromisoa hartzen du. Ondorioz, preskriptorea izango da paragrafo honetan ezarritakoaren arabera bere preskriptore-zenbakia edo -kodea banatzearen erantzule bakarra eta esklusiboa.
- Preskriptoreak bere preskriptore-zenbakia edo -kodea ematen dien senideei eta/edo lagunei ohartarazteko konpromisoa hartzen du, zenbaki edo kode hori ez dietela hirugarrenei berriro banatu behar, preskriptoreak berak bakarrik izan dezan bere zenbaki edo kodearen banaketaren kontrola. Ondorioz, ABANCA ez da inola ere arduratuko hark baimendu gabeko hirugarrenek preskriptore-zenbakia edo -kodea eskuratu eta erabiltzeaz. Era berean, ABANCAk egiazkotzat joko du, betiere, pertsona batek Cuenta Clara edo kontu paketizatua kontratatzeko prozesuan preskriptore-zenbakia edo -kodea sartzen edo adierazten badu, zenbaki edo kode hori preskriptoreak berak zuzenean eman diola Oinarri Legal hauetan araututako “Ekarri lagun bat” Programaren ondorioetarako.
- Preskriptoreak ABANCAren eta hirugarrenen aurrean erantzungo du Oinarri Legal hauetan xedatutakoa ez betetzeagatik.
- ABANCAk beretzat gordetzen du bai datu faltsuak, okerrak edo zehaztugabeak ematen dituzten edo Oinarri Legal hauetan ezarritakoa betetzen ez duten preskriptoreak ez onartzeko edo baztertzeko eskubidea, bai Programa honen ondorioz lortu ahal izan duten onuraren zenbatekoa beren kontu korronteetatik blokeatzeko edo atzera eramateko eskubidea, ABANCAk jakiten badu preskriptoreek Oinarri hauek ez dituztela bete edo Programaren esparruan legez kontrako jardueraren bat egin dutela edo ABANCAren edo hirugarren baten ondasun edo eskubideei kalte egin dietela.
Zerga-araubidea
Indarrean dagoen araudiaren arabera, ABANCAk pizgarria ematea kapital higigarriaren diruzko etekina da, jasotzailearen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) mende dagoena; ordainsari hori, hala badagokio, ordaintzailearen atxikipen-betebeharraren mende egongo da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 75. artikuluan ezarritakoaren arabera; erregelamendu hori martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen.
Datu pertsonalen babesaren araubidea
a. Nor da preskriptorearen datuen tratamenduaren arduraduna?
ABANCA Corporación Bancaria, S.A. da (aurrerantzean, “ABANCA”), IFZ A-70302039 duena eta egoitza soziala Betanzosen (A Coruña), Cantón Claudino Pita kalea zk. 2, PK 15300 helbidean duena.
ABANCAn formalki izendatutako Datuak Babesteko Ordezkari bat dugu, eta preskriptorea harekin harremanetan jar daiteke behar izanez gero, privacidad@abanca.com helbidera idatzita.
b. Preskriptorearen zer datu pertsonal tratatzen ditugu?
ABANCAk honako hauek tratatu ahal izango ditu: (i) preskriptoreak ABANCArekin dituen kontratu-harremanen ondorioz eskuragarri dituen preskriptorearen datuak (zehazki, preskriptorea ABANCAn kontu baten titularra dela adierazten duten datuak, preskriptorearen harremanetarako datuak eta Oinarri hauetan xedatutakoaren arabera berankortasun edo irregulartasun egoerarik ez dagoela egiaztatzeko beharrezkoa den informazio ekonomikoa); eta baita ere: (ii) preskriptoreak “Ekarri lagun bat” Programan parte hartzearen ondorioz sortzen diren datuak (adib., Oinarri Legal hauetan ezarritako baldintzak betetzen badira preskriptoreak jasotzen duen onurari buruzko datua).
c. Zertarako tratatzen ditugu preskriptorearen datu pertsonalak eta zein legitimaziorekin?
Preskriptorearen datu pertsonalen tratamenduaren helburua da ABANCAren “Ekarri lagun bat” Programan duen parte-hartzea kudeatzea eta izapidetzea, preskriptoreak Oinarri Legal hauek onartzen baditu; hori gertatuko da preskriptoreak ABANCAk esleitutako bere preskriptore-zenbakia edo -kodea bere senideei eta/edo lagunei banatzen badie.
Aipatutako tratamendua legitimatzen duen oinarri juridikoa preskriptoreak ABANCAren “Ekarri lagun bat” Programan parte hartzean emandako baimena da.
d. Zenbat denboraz gordeko ditugu preskriptorearen datuak?
Programan parte hartzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak preskriptoreak ABANCArekin duen kontratu-harremanak irauten duen bitartean gordeko dira eta, preskriptoreak horretarako baimena eman badu, kontratu-harremana amaitu ondoren ere gordeko dira, gehienez 5 urteko epean.
Kontratu-harremana amaitutakoan (edo, hala badagokio, 5 urteko epea igarotakoan), datuak blokeatu egingo dira aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera; horrek esan nahi du datuak identifikatu eta gordeko direla, neurri tekniko eta antolakuntzakoak hartuta, haien tratamendua eragozteko, salbu eta erreklamazioak formulatzeko, egikaritzeko edo defendatzeko edo Epaile eta Auzitegien, Fiskaltzaren edo administrazio publiko eskudunen esku jartzeko, tratamendutik erator daitezkeen erantzukizunei erantzuteko edo horiek eskatzeko ondorioetarako, eta soilik horien legezko preskripzio-epeetan.
Epe horiek igarota, datu pertsonalak ezabatu egingo dira.
e. Zein dira preskriptorearen eskubideak?
Datuen babesari buruzko araudiak honako eskubide hauek ematen dizkio preskriptoreari bere datuen tratamenduari dagokionez: - Sartzeko eskubidea: zer datu mota tratatzen ari garen eta egiten ari garen tratamenduaren ezaugarriak ezagutzea. - Zuzentzeko eskubidea: bere datuak aldatzea eskatu ahal izatea, zehaztugabeak edo egiazkoak ez direlako. - Eramangarritasun-eskubidea: tratatzen ari diren datuen kopia bat formatu interoperagarri batean eskuratu ahal izatea. - Tratamendua mugatzeko eskubidea, legean jasotako kasuetan. - Bere datuen tratamenduaren aurka egiteko eskubidea, legean jasotako kasuetan. - Ezabatzeko eskubidea: tratamendua beharrezkoa ez denean bere datuak ezabatzea eskatzeko. - Emandako baimena ezeztatzeko eskubidea.
Preskriptoreak adierazitako eskubideak baliatu ahal izango ditu ABANCAren Bezeroarentzako Arreta Zerbitzuari zuzendutako komunikazio baten bidez, posta-helbide honetara: C/ Rúa Nueva 1, Entreplanta, PK 15003, A Coruña, edo atencioncliente@abanca.com helbide elektronikora, “Datuen Babesa. Ekarri lagun bat Programa” erreferentzia eta baliatu nahi duen eskubide zehatza adierazita. Era berean, preskriptoreak erreklamazio bat aurkezteko eskubidea du Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren aurrean.
f. Preskriptorearen erantzukizuna ABANCAk preskriptoreak bere sustapen-zenbakia edo -kodea eman dien senideei eta/edo lagunei buruz ematen dion informazioari dagokionez
Preskriptoreari, hala badagokio, Oinarri Legal hauetan ezarritakoaren arabera dagokion onuraren ordainketa justifikatzeko, ABANCAk preskriptoreari soilik honako informazio hau jakinaraziko dio preskriptorearen gomendiopean Cuenta Clara edo kontu paketizatua kontratatu eta bertan bere nomina, pentsioa edo autonomoen kuota helbideratu duen senide edo lagunari buruz: senide edo lagunaren izena eta ABANCAn Cuenta Clara edo kontu paketizatua kontratatu duela eta bertan bere nomina, pentsioa edo autonomoen kuota helbideratu duela.
Preskriptoreak informazio horri buruz konfidentzialtasun zorrotzenari eusteko konpromisoa hartzen du eta, beraz, ez dio inola ere hirugarrenei jakinaraziko, ez eta bere edo hirugarrenen mesedetan erabiliko ere.
Oinarri Legal hauen aldaketa eta ezeztapena
ABANCAk beretzat gordetzen du Oinarri Legal hauetan araututako “Ekarri lagun bat” Programa edozein unetan aldatzeko eta/edo ezeztatzeko eskubidea, egoerek hala eskatzen badute ABANCAren beraren iritziz, erakunde honek aldaketa edo ezeztapen horrengatik inolako erantzukizunik hartu gabe, eta aldaketa edo ezeztapen hori Oinarri Legal hauetarako erabilitako modu eta bitarteko berberetan jakinarazteko konpromisoa hartuz.
Jurisdikzioa
Oinarri Legal hauen interpretazioarekin eta betearazpenarekin lotuta sor daitekeen edozein eztabaida ebaztea A Coruñako hiriburuko Epaitegi eta Auzitegien jurisdikzioaren mende jarriko da.
Oinarri Legal hauen onarpena
Preskriptoreak ABANCAk esleitutako preskriptore-zenbakia edo -kodea bere senideei eta lagunei banatzen duenean, ulertuko da preskriptoreak Oinarri Legal hauek ezagutzen eta espresuki eta zalantzarik gabe onartzen dituela, eta, beraz, baita ABANCAren “Ekarri lagun bat” Programan haien arabera parte hartzea ere.